XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nekazal emaitzei ezarri nahi zaizkien prezioez negoziaketak
Gariaren prezioaz eritzi desberdinak.

MADRIL. (Europa Press). - Nekazal produktoei prezioa ezarri nahirik, gogor ari dira negoziatzen nekazarien ordezkariak Nekazaritza Ministeritzako ordezkariekin.

Herenegungo bilera gauerdian bukatu zen, negoziaketan zazpi orduz aritu ondoan.

Azkeneko bi ordutan, gariaren prezioaz mintzatu ziren.

Ez zen akordiorik izan.

Joan den astelehenean oloari, garagarrari eta zekaleari ezarri zitzaizkien prezioak.

Gariari ezarri ondotik girasolari, arrozari eta erremolatxari ezarriko zaizkie.

Nekazarien ordezkariek aditzera eman dutenez, azkeneko bi ordu horietan ez zuen Nekazari Ministeritzak gariarentzat prezio zehatzik ezarri.

Nekazariek 15,11 pezeta eskatzen dute kilo gariarentzat, gari hori hirugarren tipokoa denean, hau da ogia egiteko.

Hori da nekazari eta ganaduzaleen Koordinakundeak eskatzen duena; nekazari eta ganaduzaleen Konfederakuntzak aldiz, 15,70 pezeta eskatzen ditu.

Badira, nekazarien izenean, beste hiru erakunde ere, alegia CNJA, UFADE eta FTT-UGT.

Hauek tartean dabiltza, 15,40 eta 15,35 pezeta eskatzen baitituzte kiloko.

Baina akordiorik ez da.

Akordiorik eza, honixe zor zaio batipat gari tipo bakoitzari ez daki inork edota duda asko da hor, zenbat lur dedikatzen zaion.

Gariaren prezioaz aritu zireneko azkeneko bi orduetan, nekazarien bizimodua hobetzeko hartu behar diren neurriez mintzatu ziren ordezkariak.

Aurreko egunetan laboreari ezarri zaizkion prezioetatik etorriko zaizkie hobekuntza horiek nekazariei.

Bide batez, heldu diren uneetan gogor saiatuko da Nekazari Ministeritza gariari buruz Plangintza jator bat eratzen, hortik probetxua besterik ez datorkieke eta nekazariei.